XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAKINGAIAK

BRUJAS-KO EUSKAL KONTSULARITZA

Erdi Aroan, herrien arteko merkataritza bizkortu zenean, itsas ertzetako hirietan batez ere, kanpotar merkatari eta marinelez osatutako jende taldeak sortu ziren.

Horien artean zitezkeen liskar eta gatazkei konponbidea aurkitzeko, bai eta kanpotarren multzoa hiri bertakoen gehiegikerietatik babesteko eratu ziren kontsularitza edo ordezkaritzak.

Kontsulak, beti ere merkatari zaharren edo entzute handikoen artetik hautatuak, bat, bi, hiru edo gehiago izan ohi ziren.

Esandako epaikari gisako lanaz gainera, beraiek jartzen zituzten salgaien prezioak eta bideratzen zituzten tokian tokiko agintariekiko harremanak.

Hauek honela, badakigu jakin, bizkaitar eta gipuzkoar merkatariak XIII, XIV eta XV. mendeetan zehar oso trebeak izan zirela eta indarra ere bazutela Belgikan den Brujas izeneko hirian; hain handia, non aipatu mendeetan zehar beren erakunde eta etxeak izan bait zituzten.

Euskal marinel eta merkatari haiek, funtsean garraioan eta salmentan jarduten zuten.

Bereziki Gaztelako ardiek ematen zuten artile istimatua, bai eta burdina ere eramaten zituzten flandriar hirira.

Han, ez dago argi noiztik, salerosketetarako beren loia edo merkatu-etxea ere bazeukaten, irudian ikus daitekeenez.

Dena dela, Kontsularitza eratua eta antolatua XV. mendearen erdi aldean ageri da, nahiz eta, esan bezala, askoz lehenagotik ari ziren lanean hirian.

Brujas-en, ordea, bizkaitar eta gipuzkoarrez gainera, geroago joanak baina hantxe ziren merkatari gaztelauak ere.

Ez zen XV. mendearen erdi aldetik aurrera behintzat bake onik izan bi komunitateetako jendeen artean.

Eta bi komunitate zireneko errealitatea Enrique IVa erregeak berak aitortzen du 1455ean emandako dokumentu batean.

Elkar ikusi ezinaren arrazoiak artilearen garraioak sortzen bide zituen, esan dugun bezala, bera bait zen esku artean zerabilten negozio emankorrenetakoa.

XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran Burgos eta Bilbo hiriek, bakoitzak beretzat, artile eta burdinaren salerosketa eta garraioa antolatzeko erakundeak lortu zituzten erregearengandik.

Hiri bakoitzak bere erakundea zuen, eta Kontsularitza izena hartu zuten.

Antolakuntza berri honen ondorioz, merkatari gaztelauek artilearen hirutik bi garraiatuko zuten, eta bizkaitarrek beste herena eta beren burdina.

XVI.aren azken aldera Brujas hiriaren merkatal kemena gainbehera etorri zen, eta gerra ere medio, euskal merkatariek bertan behera utzi zuten hiria.

Gaur, flandriar hiri atseginean Bizkaitarren plaza itzul genezakeena dago, aipatu ditugun ibileren oroigarri.